Europako Kontseiluak 2020ko ekainaren 21ean onartu zuen NextGenerationEU programa sortzea, Europar Batasunak inoiz finantzatu duen ekonomia sustatzeko tresnarik handiena, koronabirusak eragindako aurrekaririk gabeko krisiari erantzunez.
NextGenerationEUren helburua da gure historiako krisi sozial eta ekonomiko okerrenetako bati elkarrekin eta modu koordinatuan erantzutea eta pandemiak eragindako kalteak konpontzen laguntzea. Funts horiekin, COVID-19aren ondorengo Europak ekologikoagoa, digitalagoa eta etorkizuneko aldaketa eta erronkekiko erresilienteagoa izan behar du.
NextGenerationEU ekimenaren esparruan, bi finantza-baliabide berri sortu dira:
Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa
Kohesioa eta Europako Lurraldeak Berreskuratzeko Laguntza (REACT-EB)
Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoak EEren kudeaketa zuzeneko funts berria da. Bere baliabideak diru-laguntzak eta maileguak dira, eta estatu kide bakoitzak bere Berreskuratze Plana egiten du horiek programatzeko.
Joan den 2021eko apirilaren 30ean aurkeztu zuen Espainiako Gobernuak Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Plana, 69.500 milioi euroko diru-laguntzak aurreikusten dituena eta ekainaren 16an Europako Batzordeak positiboki ebaluatu duena.
Espainiako Plana hamar palanka-politikatan egituratzen da (horien artean seigarren palanka-politika “Zientziaren eta berrikuntzaren aldeko ituna eta Osasun Sistema Nazionala indartzea”), eta 30 osagaitan zehazten dira. Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioa 17. osagaiaren (“Erakunde-erreforma eta zientzia-, teknologia- eta berrikuntza-sistema nazionalaren gaitasunak indartzea”) arduraduna da, eta 3.400 milioi euro baino gehiago esleitu zaizkio Suspertze eta Erresilientzia Mekanismotik.