Ezagutzaren transferentzia

Ezagutzaren transferentzia Espainiako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Estrategiaren lehentasunezko jarduera-ardatzetako bat da. Helburu nagusia da Espainia berrikuntza-maila handiena duten herrialdeen artean kokatzea, ezagutzaren transferentziak aurrerabidea sortzeari dagokionez eragina izan dezan.

Horretarako, ezagutzaren transferentzia bultzatu behar da, eta zientziaren eta enpresen (bereziki ETEen) arteko noranzko biko loturak garatu behar dira, elkarren beharrak eta helburuak ulertuz. Gainera, oso garrantzitsua da lankidetza publiko-pribatua bermatzea balio-katearen etapa guztietan: teknologien garapenaren hasierako faseetatik hasi (ezagutzaren aplikazioa sustatuko da horietan) eta gizartearentzat interesgarriak diren produktuak merkatura iritsi arte. Estatuko I+G+Bk lehentasuna eman behar die sektore estrategikoen erronkei, eta erantzun egin behar die.

Berrikuntzaren erosketa publikoa

Berrikuntza ezinbesteko faktoreetako bat da herrialdearen hazkunde ekonomikorako, eta, horregatik, leku nabarmena du Europako eta Espainiako politiketan. Gainera, enplegua sortzeko, epe ertaineko hazkunderako, produktibitaterako eta, azken batean, lehiakortasuna hobetzeko gakoetako bat da.

Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioak enpresetan zein erakunde publikoetan berrikuntza sustatzen duten jarduerak egiten ditu. Zehazki, Berrikuntzako Erosketa Publikoaren (CPI) helburua da berrikuntza sustatzea sektore publikoan eta sektore pribatuan erosketa publikoaren bidez, administrazio publikoetan irtenbide berritzaileak sar daitezen eta enpresetan berrikuntza susta dadin.

I+G+B jarduerengatiko fiskalitatea eta hobariak. ETE berritzailearen zigilua

Administrazio Publikoak hainbat tresna ditu enpresa-berrikuntza bultzatzeko, hala nola ikerketa eta garapeneko eta/edo berrikuntza teknologikoko jarduerak egiteagatik ematen diren pizgarri fiskalak eta langile ikertzaileek Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko kuotaren gaineko hobariak.

Tresna fiskal nagusi gisa, Txosten Arrazoitu Lotesleak eta ETE Berritzaile zigilua nabarmentzen dira. Txosten Arrazoitu Lotesleek segurtasun juridikoa ematen dute Ikerketa, Garapen eta/edo Berrikuntza Teknologikoagatiko (I+G+b) kenkari eta hobarien aplikazioan. Bestalde, ETE Berritzaileen zigilua eta haren erregistroa sortzearen helburua da enpresa horiei balioa ematea, haien identifikazioa erraztea eta politika espezifikoak formulatzea.

Tresna horiek horizontalak dira, eta askatasunez eta oro har aplika daitezke. Gainera, sektore pribatuaren ekimena sustatzera bideratuta daude, enpresaren esparru berritzailea baldintzatu gabe.

Diseinua, berrikuntzaren eragile

Berrikuntzan eta diseinuan inbertitzea orainaldiko eta etorkizuneko apustua da. Berrikuntzari esker, enpresa-bikaintasuna eta merkatuetako lidergoa lor daitezke. Enpresek berrikuntzaren alde egiten duten apustua da gure tresnarik onenetako bat lehiakortasuna, aurrerapen soziala eta epe luzeko hazkunde ekonomikoa bultzatzeko. Diseinua, bestalde, aberastasun- eta ongizate-iturri da. Baina, gainera, diseinua berrikuntzaren motorra da, eta ekoizpen-prozesuan beti dago presente. Diseinua da berrikuntzaren oinarria eta indar bultzatzailea.

Biek, berrikuntzak eta diseinuak, elkar osatzen dute eta elkarri eragiten diote. Berrikuntza elementu erabakigarria da diseinuaren aurrerapenerako eta bilakaerarako, eta garapen-eremu berriak irekitzen dizkio. Aldi berean, diseinua berrikuntzaren oinarria eta indar bultzatzailea den tresna da.

Berrikuntzako ekosistemak

Berrikuntzako eskualde-ekosistemak sustatzera bideratutako politika publikoek parte hartzaileagoa eta kolaboratiboagoa den ikuspegi berri baterantz eboluzionatu dute azken urteotan. Zientzia- eta berrikuntza-politiketako aldaketa horrek maila anitzeko gobernantza-eredu berri bat iradokitzen du, erronka partekatuen ingurukoa; lurraldeari begirako ikuspegia du, eskualde guztien gaitasunak modu eraginkorrean erabiltzea sustatzen duena, eskualdeen arteko lankidetza sustatzen duena eta berrikuntzako lurralde-arrakala iraunkorrei aurre egiten diena.

Berrikuntzaren aldeko hiriak - INNPULSO sarea

Sari horren bidez, jasangarritasun ekonomikoa bultzatzen duten eta ezagutzan eta berrikuntzan oinarritutako gure hazkunde-eredua hobetzen duten azpiegituretan inbertsioak babestu dituzten hiri liderrak aintzatesten dira. Toki-erakundeek funtsezko zeregina dute berrikuntza-eragileen kohesioa lortzeko, herritarrekiko, enpresekiko eta erakunde eta organismo publikoekiko hurbiltasunari esker.

Sariketarekin batera, Zientzia eta Berrikuntza Hirien Sarea (INNPULSO) jarri da martxan.

Energia Teknologiaren Plan Estrategikoa (SET PLAN)

“European Strategic Energy Technology Plan” (SET Plan, ingelesezko sigletan) funtsezko tresna da klimaren aldetik neutroa den sistema energetikoranzko trantsizioa bultzatzeko, teknologia berritzaileak, karbono gutxikoak eta kostuetan lehiakorrak direnak garatuz. SET Plana 2007an ezarri zen, eta, 2015ean Energiaren Batasuna sortu zenetik, haren bosgarren zutabeko tresna nagusietako bat bihurtu zen, ikerkuntzari, berrikuntzari eta lehiakortasunari eskainia. Espainia Steering Group-eko eta Bureau-ko kidea da, SET Plan-eko gobernantza organoak.

Mission Innovation

Mission Innovation ekimen globala da, 23 herrialdek eta EBk osatua, berrikuntza energetikoak ekonomiaren sektore guztien deskarbonizazioa azkartu dezan.

Mission Innovation 2015eko azaroaren 30ean iragarri zen COP21ean, munduko liderrak Parisen bildu zirenean klima aldaketari aurre egiteko asmo handiko ahaleginekin konpromisoa hartzeko.

Berrikuntzarako esperimentazio-guneak

Gure gizarteak aurre egin behar dion aldaketa teknologikoak erronka handiak dakarzkio sektore publikoari, ez bakarrik berrikuntzaren sustatzaile gisa, baizik eta berez berritzaile den subjektu gisa, esparru seguru eta kontrolatu batean.

Arlo publikotik berrikuntza bultzatu eta bizkortzea ahalbidetzen duten tresnak daude, dauden beharrei erantzun berriak emateko garapen-espazioak sortuz. Sandboxak, living labak eta testbedak bezala ezagunak dira, erakunde publikoei eta enpresei berrikuntzarako eta esperimentaziorako ingurune egokia gaitzen dietenak.