Horizonte Europa EBko Ikerketa eta Berrikuntzako Esparru Programa da (2021-2027), eta I+G+B arloko gaiak eta misioak finantzatzeko ildo nagusiak ezartzen ditu, bai eta erakunde eta ikertzaileentzako parte-hartze arauak ere.
Horizonte Europa (2021-2027) Ikerketa eta Berrikuntzako Esparru Programa berrian, genero-berdintasunak zeharkako elementu gisa bultzada berri bat jasoko du. Hauek dira helburuak: ikerketan eta berrikuntzan berdintasun erreala lortzeko oraindik zintzilik dauden erronkak konpontzea; Europar Batasunaren 2020-2025 Genero Berdintasunerako Estrategia bultzatzea; eta garapen jasangarriaren 5. helburuari laguntzea (GJH), genero-berdintasuna lortzea eta emakume eta neskato guztiak ahalduntzea.
Mariya Gabrielek berak, Berrikuntza, Ikerketa, Kultura, Hezkuntza eta Gazteriako komisarioak, konpromisoa adierazi du Horizonte Europak finantzatutako proiektuetan genero-dimentsioa erabat integratzeko eta berdintasuna Europako Ikerketa Eremuan aintzatesteko helburuekiko.
Genero-berdintasunari dagokionez, hauek dira Horizonte Europak dituen berritasun nagusiak:
- Berdintasun-plan bat edukitzea hautagarritasun-baldintza izango da erakunde publikoentzat, ikerketa-erakundeentzat eta goi-mailako hezkuntzarako erakundeentzat Horizonte Europaren finantzaketa jaso ahal izateko.
- Ikerketaren eta berrikuntzaren edukian genero-dimentsioa txertatzea baldintza lehenetsia izango da programa osoan (informazio gehiago Gendered Innovations txostenean eta hari dagokion informazio-fitxan, albistearen amaieran estekatuta).
- Arreta berezia jarriko zaio genero-orekari ebaluazio-paneletan, lantaldeetan, Batzordeko adituen taldeetan eta finantzatutako proiektuen ikerketa-taldeetan; izan ere, genero-oreka berdinketa hausteko irizpidetzat har daiteke proiektuen ebaluazioan.
- Finantzaketari dagokionez, nabarmentzekoak dira Berrikuntzaren Europako Kontseiluaren neurriak, 2. Klusterrean (Kultura, Sormena eta Gizarte Inklusiboak) genero-ikasketak egiteko finantziazioa, eta “Parte-hartzea zabalduz eta Europako Ikerketa Esparrua indartuz” arloan berdintasun-plan inklusiboak garatzeko laguntza.