Ezagutzaren transferentzia

Lege-erreformak ezagutzaren transferentzia aitortu eta bultzatzen du –hori baita Espainiako I+G+B sistemaren gabezietako bat–, eta Sisteman eskubide, betebehar eta merezimendu gisa kokatzen du. Horri esker, mekanismo berriak txertatu ahal izango dira, hala nola ikertzaileentzako transferentzia-seiurtekoa. Zientziaren Lege berriaren zutabe honen helburua da sektore publikoan sortutako ezagutza eta berrikuntza zuzenean enpresetara eta gizartera helaraztea sustatzea.

Legeak berrikuntzaren erosketa publikoa arautuko du, bi modalitateetan: merkaturatu aurreko erosketa publikoa eta teknologia berritzailearen erosketa publikoa. Gainera, administrazio publikoei aukera ematen zaie merkataritza-sozietateetan inbertitzeko, beste herrialde batzuetako unibertsitateetan arrakastaz funtzionatzen duten tresnen bidez.

Bestalde, ikerketa-emaitzen ondoriozko etekinetako partaidetza, gutxienez, heren batekoa izango da Estatuko sektore publikoko ikerketa-organismo publikoetako eta entitateetako langileen kasuan. Gainera, posizio publikoa babesten da ikerketaren emaitzen gaineko eskubideak transferitzen direnean.

Halaber, I+G+Bko saiakuntza-banku arautuak (sandboxeak ere deitzen zaie) ezartzea aurreikusten du arauak. Ikerketa- edo berrikuntza-helburuetarako bakarrik egingo dira saiakuntza-banku horiek.

Bestalde, Ikerketen Emaitzak Transferitzeko Bulegoak (OTRI) Ezagutza Transferitzeko Bulegoak (OTC) izango dira hemendik aurrera.

Halaber, herritarrek prozesu zientifiko-teknikoan parte har dezaten sustatuko du legeak, eta dibulgazioan aritzen diren ikerketa-langileen eta Kultura Zientifikoko Unitateen zeregina sustatu eta aitortuko du.