Emakumeen, Zientziaren eta Berrikuntzaren Behatokia

Emakumeen, Zientziaren eta Berrikuntzaren Behatokia (KIUB) ministerioen arteko kide anitzeko organo bat da, eta bere ardura da ikerketa, garapen eta berrikuntzaren eremuan emakumeek bizi duten egoerari buruzko inpaktuak aztertzea eta haien jarraipena eta neurketa egitea, bai eta esparru horietan politika publikoak eta jarduerak egitea sustatzea, proposatzea, aholkatzea eta bultzatzea ere, genero-berdintasun erreal eta eraginkor baterako oztopo ikusgarri eta ikusezinak desagerrarazteko; eta emakumeek Espainiako zientzia-, teknologia- eta berrikuntza-sisteman duten egoeraren hobekuntza sustatzea.

Behatokiaren azken helburua da genero-berdintasunerantz aurrera egitea zientziaren, teknologiaren eta berrikuntzaren eremuetan, bi alderdietan: emakumeen eta gizonen presentzia orekatua arlo eta maila guztietan, eta genero-ikuspegia zeharkako moduan txertatzea I+G+Bn.

Behatokiko lehendakari Zientzia eta Berrikuntzako ministroa da, 22 kide ditu eta kideen artean hamar ministerioko ordezkaritza dago: Defentsa; Hezkuntza eta Lanbide Heziketa; Presidentetza, Gorteekiko Harremanak eta Memoria Demokratikoa; Lana eta Gizarte Ekonomia; Inklusioa, Gizarte Segurantza eta Migrazioak; Lurralde Politika eta Funtzio Publikoa; Gai Ekonomikoak eta Transformazio Digitala; Osasuna; Berdintasuna, eta Unibertsitateak; eta zientzia, teknologia eta berrikuntza zein berdintasun alorretako eragile nagusiak.

Segimendu- eta ebaluazio-funtzioak:

  • Zientziaren, teknologiaren eta ikerketaren esparruetan, bai eta unibertsitatearen esparruan ere, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruz eskura dagoen informazioa biltzea eta aztertzea, ikerketari dagokionez.
  • Aurreko esparruetan emakumeek bizi duten egoerari buruzko informazio sistematikoa biltzea, aztertzea, ebaluatzea eta zabaltzea.
  • Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioaren eta haren organismo eta erakundeen eta Espainiako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sistemako eragile guztien neurrien eta jarduketen gauzatze-mailaren eta genero-inpaktuaren aldizkako jarraipen sistematikoa, I+G+B arloan genero-berdintasunarekin zerikusia duten arlo garrantzitsuetan, honako hauek barne: presentzia orekatua; lanean sexu-jazarpena eta sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzea eta jorratzea; joera inkontzienteen inpaktua murriztea; genero-berdintasunaren ebaluazio-irizpideak txertatzea, eta genero-programak funts publikoetan integratzea; eta genero-berdintasunaren aldeko programak txertatzea.
  • Ikerketa-erakunde publikoen Berdintasun Planak eta haien urteko jarraipenaren emaitzak ezagutzea.
  • Aplikatu beharreko araudian, estrategietan eta planetan ezarritakoa betetzen dela zaintzea.
  • Emakume zientzialarien, teknologoen eta ikertzaileen egoerari buruzko azterketak eta txosten teknikoak egin daitezen sustatzea.
  • Unibertsitateetako berdintasun-unitateek egindako jarduerak ezagutzea, jarduera horiek ikerketaren eta/edo teknologiaren esparrukoak diren neurrian.

Txosten eta proposamen eginkizunak:

  • Berdintasun arloan bere irizpidearen menpe jartzen diren gai guztiei buruzko txostenak egitea.
  • Arlo horietan emakumeekin zerikusia duten adierazleak eta informazio-sistemak hobetzeko gomendioak eta proposamenak egitea.
  • Emakume ikertzaile, teknologo eta berritzaileen egoera eta ikusgarritasuna hobetzeko eta Espainiako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sisteman antzemandako genero-desberdintasunak erauzteko gomendioak eta proposamenak egitea.
  • Espainiako zientzia-, teknologia- eta berrikuntza-sistemako eragileek neurriak har ditzaten eta jarduerak egin ditzaten proposatzea, esparru eta maila guztietan emakumeen eta gizonen presentzia orekatua lortzeko bidean aurrera egiteko, batez ere erabakiak hartzerakoan.
  • Ikerketa, garapen eta berrikuntzako politika sektorialetan (estrategiak eta planak barne) eta proiektu eta programetan genero-ikuspegia txertatzeko gomendioak eta neurriak sustatzea.
  • Dibulgazio zientifikoko ekintzak proposatzea, gaur egungo eta iraganeko zientzialariek erreferente gisa izan duten ibilbidea ikusarazteko eta neskengan eta nerabeengan bokazio zientifikoak sustatzeko, batez ere STEM eremuetan.
  • Genero-joerarik gabeko zientzia, teknologia eta berrikuntza sustatzeko ekintzak bultzatzea.

Behatokiak, gainera, bere helburuak betetzen lagunduko dioten beste eginkizun batzuk ere betetzen ditu, baita Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioak alor horretan ematen dizkionak ere.

Espainiako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sistemako genero-berdintasunerako Emakumeen, Zientziaren eta Berrikuntzaren Behatokia 2019ko urtarrilaren 10ean eratu zen, eta urriaren 27ko 938/2020 Errege Dekretuak arautzen du. 2021-2022ko aldirako lan-programa eta hura ezartzen laguntzeko batzordeen eta lantaldeen egitura 2020ko azaroaren 10eko osoko bilkuran onartu ziren.