Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Gorena (CSIC) ikerketa zientifikoan eta teknikoan aritzen den Espainiako erakunde publiko handiena da, eta Europako Ikerketa Eremuko nabarmenetakoa. CSIC Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioari atxikita dago Ikerketarako Idazkaritza Nagusiaren bidez, eta hiru arlo nagusitan egituratzen da: Gizartea, Bizitza eta Materia. Arlo horiek giza ezagutzaren zatirik handiena hartzen dute, eta 120 zentroetako 1.500 ikerketa-talde baino gehiagoren jarduera biltzen dute.
Bere helburuen artean, gaitasun eta lorpen zientifiko eta teknologikoak nazioko eta nazioarteko sektore sozioekonomiko guztietara hurbiltzea dago, gizarte osoarentzako ongizate sozial, ekonomiko eta kultural bihur daitezen lortzeko.Gainera, etengabe bultzatzen du bere ekoizpen zientifikoaren nazioarteko dimentsioa, nazioarteko ikerketa-erakundeekin harreman estuak izanik.
Diziplina anitzeko ikerketa zientifikoa eta teknologikoa sustatzea, koordinatzea, garatzea eta zabaltzea da CSICen xedea, jakintza aurreratzen eta ekonomia-, gizarte- eta kultura-garapena lortzen laguntzeko, bai eta langileak trebatzen eta erakunde publiko eta pribatuei gai horiei buruzko aholkuak ematen laguntzeko ere.
Eskumenak ditu helburu hauek dituzten jarduerak egiteko:
ezagutza sortzea ikerketa zientifikoaren eta teknikoaren bidez,
ikerketaren emaitzak transferitzea, arreta berezia jarriz oinarri teknologikoko enpresak sustatzeari eta sortzeari,
herri-administrazioei eta erakunde pribatuei adituen aholkularitza ematea,
doktoretza aurreko eta ondoko prestakuntza eta kualifikazio handikoa,
gizartean zientzia-kultura sustatzea,
instalazio handien eta azpiegitura zientifiko-tekniko berezien kudeaketa,
nazioarteko erakundeetan presentzia izatea eta ordezkatzea, eta
bideratutako ikerketa garatzea.