Zertan datza dokumentuen legeztatzea?
Legeztatzeko, dokumentu bat sinatzen duten agintarien sinadurak baliozkotzeko zenbait urrats egin behar dira, hirugarren herrialde batean aurkezteko.
Beraz, homologazio- edo baliokidetasun-eskaeran aurkezten diren jatorrizko dokumentuek jatorrizko herrialdean behar bezala legeztatuta egon beharko dute, bide diplomatikoz edo Hagako Hitzarmeneko apostillaren bidez.
Baldintza hori ez zaie eskatuko Europar Batasuneko estatu kideetako agintariek edo Europako Esparru Ekonomikoari buruzko Akordioa sinatu dutenek eta Suitzak emandako agiriei. Beharrezkoa izanez gero, gaztelaniarako itzulpen ofiziala ere aurkeztu beharko da.
Legeztatzeak ez du iraungitze datarik.
Zer da Hagako apostila?
Dokumentu akademikoak eman dituen herrialdeak Hagako Hitzarmena sinatu badu, legeztatzea erraztu egingo da apostilaren bidez. Herrialde bakoitzak erabakitzen du zein den agintaritza eskuduna eta zer prozedura erabili behar den dokumentu akademikoak apostilatzeko; beraz, titulazioaren jatorrizko herrialdean jaso behar da informazioa.
Kasu gehienetan, apostila zuzenean eransten zaio jatorrizko dokumentuari. Hala ere, beste herrialde batzuetan beharrezkoa da aurretik urrats bat egitea:
- Notario edo ministerio baten ziurtagiria. Dokumentua edo hura sinatzen duen agintari akademikoaren sinadura benetakoa dela egiaztatzen da.
- Hagako apostila. Jatorrizko dokumentuari eransten zaion oharra edo orria, sinadura eta aurreko agintaritzaren zigilua benetakoak direla ziurtatzen duena.
Apostila elektroniko edo digitalak baliozkoak dira, baldin eta QR edo CSV operatibo bat badute.
Legeztatu behar dituzun dokumentuak ez zituen eman Hagako Hitzarmena sinatu zuen herrialde batek. Zer egin behar duzu?
Kasu horretan, dokumentuak bide diplomatikoz legeztatu beharko dira.
Oro har ezarritako prozedurak izapide-kate bat dakar honako erakunde hauetan:
- Jatorrizko herrialdeko Hezkuntza Ministerioa
- Agiri horiek eman ziren herrialdeko Kanpo Arazoetako Ministerioa.
- Espainiak herrialde horretan duen ordezkaritza diplomatiko edo kontsularra.
Legeztatzeko prozedura ezagutu eta hasteko, zure titulazioaren jatorriko herrialdeko agintari eskudunengana jo behar duzu.
Dokumentu ofizialen konpultsa edo kopia autentiko baten bidez egindako legeztatzeak balio al du?
Ez. Konpultsaren bidez jatorrizko dokumentuaren kopia zehatza egiten da, jatorrizko dokumentuaren eta sinaduraren balioa edo benetakotasuna aitortu gabe.
Beraz, apostilatu aurretik, dagokion autoritatearen sinaduraren egiaztapena egiten dela ziurtatu behar da, eta ez konpultsa hutsa edo kopia autentikoa. Egiaztatuta aurkezten dena konpultsa bada, ez du baliorik izango homologazio- edo baliokidetasun-prozesurako.